HARIAK

LITERATURAREN ETA ARTEEN INGURUKO IKERKETA FEMINISTAK

UPV/EHUko Artearen Historia eta Musika Saileko ikerketa taldea da. Honek bi diziplinatan diharduten ikerlariak batzen ditu: artearen historian ikerketa-ibilbidea egindakoak, batetik, eta literatur kritikan dihardutenak, bestetik. Taldeko ikerlari guztien lanaren ezaugarri komuna da teoria, kritika eta historia feminista ikerketarako oinarri eta tresna gisa erabiltzea, eta ikuspegi feministari eskainitako lehentasunezko lekua. Era berean, Euskal Herriko arte-praktikak eta euskaraz sortutako literatura dira ikerketa-taldearen beste batasun haria, orain arteko ibilbidean horixe izan baitute aztergai nagusiki, eta taldearen asmo nagusia ere euskal literatura eta ikusizko arteak ikuspegi feministatik aztertzea baita.

Helburu nagusiak bi dira: lehendabizi, Euskal Herriko arte garaikidearen eta literatura garaikidearen historiografia ikuspegi feministatik berrikustea. Orain arteko kultur sorkuntzen gaineko historiaren izaera androzentrikoa aintzat harturik, talde honek errelatu nagusi horiek zalantzan jarri eta bestelako diskurtsoak sortzea du xede. Bigarrenik, ikusizko arteetan zein literaturan azken hamarkadetan garatutako sorkuntzaren genealogia berriak proposatzea, ikusgarritasuna emanez ezkutuan geratu diren emakumezko sortzaileei, eta bestelako ardatz tematiko eta metodologikoak proposatuz arte garaikideak historizatzeko.

IKERKETA ILDOAK

  • Arte eta literatura garaikidearen historia

    Euskal Herriko arte eta literatura garaikidearen historia feminista: genealogia berriak proposatzea eta historiografia berrirakurtzea.

  • Kritika feminista

    Euskal literatura garaikidearen kritika feminista. Ibilbide eta interpretazio berriak proposatzea.

  • Metodologia berriak

    Ikusizko arteak eta literatura ikertzeko metodologia berriak lantzea: afektuen teoria eta gorputzaren inguruko teoriak ikuspuntu diziplinartekotik lantzea.

  • LGBTIQ+ eta queer kritika

    Ikusizko arteen zein literaturaren LGBTIQ+ eta queer kritika.

  • Jenioaren eta egiletasunaren inguruko kritika

    Jenioaren figurak arteen historian izandako lekua ezbaian jartzea eta bestelako egiletza estrategiak ikusgarri egitea.


Berriak

Haizea Barcenillak eta Ane Lekuonak Gasteizen ospatu den "Amek ez dute: amatasunaren bilakaera praktika artistiko eta kulturalean" nazioarteko kongresuan parte hartu dute.