Garazi Ansa, Bisitarien gorputzak museoetan, San Telmo Museoa, 2023/05/16

Museoetara normalean ikustera joaten gara, eta begiei edo begiradari ematen diegu garrantzia ekintza horretan. Begiak ordea, buruan daude, eta burua gorputzaren parte da. Jakina dirudi honek, baina museoetan badirudi hain begi-bistakoa den honetaz ahaztu egiten garela. Hitzaldi honetan gai honen inguruan hausnartuko dugu: zein leku dute gorputzek museoetan?


Ane Lekuona Mariskal, Mari Paz Jiménez, bide-erakusle, San Telmo Museoa, 2021/05/05

Ikuspuntu feminista batetik Mari Paz Jiménez (1909-1975) margolariaren ibilaldia birpasatuko du hizlariak. Oro har, artistaren obrek, baita bere ekintzek ere barneratzen zuten transgresioan jarriko du arreta. Izan ere, bere lanetan Jiménezek arraza-marka zuten pertsonaiak irudikatu zituen, euskal panoraman abstrakzioa lantzen aurrenetariko artista izan zen, eta garaiko giro intelektualean murgildu zen, frankismoak hobesten zuen feminitatearen iruditegiaren kontra. Alabaina, ikusiko dugu Euskal Herriko artearen historiak duen erro maskulinoarengatik, kontaketa horretan Jiménezek ez duela merezi behar lukeen errekonozimendua jaso.