KONGRESUA
OTRAS CORAZONADAS.
TRAMAS EMOCIONALES EN LA HISTORIA DEL ARTE Y LITERATURA
Afektua, afektuak, emozioak edo sentimenduak behin eta berriz errepikatzen diren terminoak dira azken hamarkadetan ikasketa kulturalen esparruan. Lehenik mundu anglosaxoian izan ziren erabiliak, baina gaur egun beste latitude eta testuinguru batzuetan ere bai. Bira afektiboa edo affect theory delakoak, gaur egun ikuspegi eta posizionamendu ugari biltzen dituenak (Ahmed, 2016; Cvetkovich, 2012; Massumi, 2002), emozioen garrantzia birpentsatzeko interesa partekatzen du testuinguru soziokultural desberdinetan: subjektibitateen konfigurazioan, kultur fenomenoetan edo botere-harremanetan, esaterako. Jarrera hori bat etorri da, neurri handi batean, azterlan feministek, queerrek eta crip delakoek aurreratutako premisa batzuekin, hala nola dualismoak deuseztatzeko borondatearekin edo gorputzak erasan dezaketen eta erasan dakiekeen agentetzat defendatzearekin. Hau da, gorputzak eta emozioak beti beste gorputz eta objektuekin harremanetan daudela proposatzen da, eta beraz, beti prozesuan daudela defendatzen du posizio honek.
Kongresu honen helburua da "emozioek zer egiten duten" (Labanyi, 2011) galdera artearen eta literaturaren historiaren arloetara hurbiltzea, eta analisi horiek gauzatzeko metodologia posibleetan pentsatzea. Era berean, "aztergai ditugun objektuei buruz egiten ditugun galdera-motak garrantzitsuak direlakoan” (Bal, 2016), kongresuaren proposamena ikusizko, kulturako edo zinemako ikasketen eremuetara ere zabaltzen da.